estilasai-2024-logo-cropped-biarritz

Rüdiger (eus)

Agorrilak 3 Août

Felix Buff aka Rüdiger (Dax, 1986), azken urteetako euskal eszenako hamaika banda ezberdinen artean dantza, jauzi eta jolas egiten duen musikari ezkutua. Bateria jolea

Felix Buff aka Rüdiger (Dax, 1986), azken urteetako euskal eszenako hamaika banda ezberdinen artean dantza, jauzi eta jolas egiten duen musikari ezkutua. Bateria jolea

6 urte zituenetik, underground metal eszenan eman zituen bere lehen urratsak Monarch eta Rainbow of Death bezalako taldeetan, eta 2006tik Willis Drummond taldeko kidea da, zeinekin estudioko 7 album eta 900 kontzertu inguru daramatzan, Pariseko Olympia bezalako areto ospetsuetara ailegatuz.

Artista ipurterrea, Felix laster hasi zen arakatzen, Willis Drummonden orbitatik kanpo. 2008 eta 2012 artean, Joseba Irazoki eta Tin Trailsekin kolaboratu, Monarchekin bat egin laburki, eta Willisekin egindako disko eta kontzertu etengabeen artean, Landetako kontserbatorioko musika garaikideko DEMeko kide gisa moldaketetan eta harmonian trebatzeko denbora izan zuen.

2013tik aurrera, Beran (Nafarroa) du bere bizilekua, eta hango tradizio musikal aberatsari eutsiz bere jarduera espektro oso zabal batean hedatu da, 32 diskotan bateria bezala parte hartzera iritsiz, , non Duncan Dhu, Petit Fantôme, Botibol, Rafel Berrio, Joseba Irazoki, Joseba B. Lenoir, Atom Rhumba, Dual Split edo Testura bezalako taldeak biltzen diren. Zoritxarrez, COVIDaren pandemiak jarduera guztiak geldiarazi zituen eta bere karrera birplanteatzera behartu zuen. Hor jaio zen Rüdiger. Hainbeste proiektu eta ideiaren errautsetatik artista berri baten argia azaldu zen une ilun horretan. Izen eta jarduera berri horrek, nolabait, bere aurreko ibilbide osoa koroatzen du, eta, aldi berean, are aukera zabalagoak bilatzera bultzatzen du.

Horrela iritsi zen bere estreinako diskoa, “Before It ‘s Vanished” (2020), belardiko haize leunaren putz bat bezala. Bere doinuetan amerikar intimistaren oihartzunak eta konponketetan kolore anitzeko argi distira txikiak dakarzkigu eta, batez ere, bere ahotsa ematen du ezagutzera; altxor txiki bat, gozoa, iradokitzailea eta ñabarduraz betea.

Jarraipen moduan, Shorebreaker estudioan Johannes Buff anaiarekin 2021etik 2023ra bitartean grabatua, “The Dancing King” iritsi zaigu orain. Bertan Rüdiger guztiz aske eta bere soinu bitxiaren erabateko jabe azaltzen da. Instrumentu paleta zabal batez baliatuz (harizko laukotea, klarinete baxua, zeharkako txirula, kontrabaxua, bonbardinoa, tronpeta, sintetizadoreak eta hainbat teklatu, besteak beste) eta talde nagusi modura Vincent Bestaven (Botibol), Joseba Irazoki eta Antoine Philipperen eskutik (banda nagusia), Stéphane Laporte eta Olivier Lamm (Parisko Egyptology banda elektronikakoak) ,Pierre Loustaunau (Petit Fantôme) eta Iban Urizarren (Amorante) borobiltzen du grabaketa. Abestien letrak ere aipatzekoak dira, bere kezka sozial eta politikoen isladarako zorrotz, eta bere aitorpen intimo eta bizigarrienetan oroigarri eta hunkigarri.

Hala ere, aniztasun guzti horren gainetik, edo, agian, aniztasun horri esker, Rüdigerren abestiak nahasezinak, biribilak eta naturalak dira beti. Felix benetako musika-belaki bat da eta urte hauetan zehar bere maisuengandik ederki ikasi du. Biziki maite dituen kantuen alkimia argitu eta bere bere edabe berezia prestatzeko gai izan da bilduma bikain honen melodiak sortzeko garaian.

Hasteko, Neil Youngen eta bossa novako aire baten arteko berotasun akustikoz jantzita agertzen zaigu, Woods edo Helado Negroren psikodelia gozo eta zimurtuz. Baina dena ez da hain erraza deskribatzeko. Rudigerrek Gastr del Sol eta Aphex Twin aipatzen zituen bere oheburuko artisten artean. Haiek bultzatu zuten, urrats bat harago egin eta maite zituen musiken zokogune eta adarren artean, ustekabeko lotura harrigarriak bilatzera. Haiengandik heredatzen du ere, esplorazio ausart eta sakonerako eta aldi berean gozamen jostagarrirako joera anbibalente hori. Izan ere, “The Dancing King” en, zinemaskopeko gitarra solo kosmikoak eta urregintzako egitura elektroniko delikatuak naturaltasun osoz uztartzeko gai da. Edozein erara, kantu-bilduma eder honek badu halako hari sotil bat, Robert Wyatt edo Kevin Ayers bezalako arista handi batzuengana garamatzana. Soinu hauskor, hunkigarri, bitxi, eder eta aldi berean dibertigarria egiteko dohain hori bera erakusten du Rüdigerrek. Entzute hutsetik haratago irauten duen osteratxo bat uzten digun horietakoa, alegia.

Ostiraleko kontzertuak

Larunbateko kontzertuak