/
Proiektuaren jatorria
Catach Jaialdiaren 7. edizioaren harira, 2022ko ekainaren 10ean, Txomin Dhers eta Bixente Etchegaray (txalaparta), Pierre Loustaunau eta Peio Erramouspe (sintetizadore analogikoak) musikariak, eta Youri Fernandez (eszenografia interaktiboa) artista plastikoa bildu genituen. Elkarrekin, konposizio progresiboa eta txalapartaren berezitasunak nabarmentzen dituen kontzertu « inprobisatu » proiektu bat sortu genuen.
Kontzertu honek, 600 pertsona baino gehiago bildu zituen eta arrakasta handia izan zuen. Horren ondoren, Catach elkarteak, taldeko kideekin batera, Txaptrax izeneko ikuskizun audio-bisual-tekno-tradizionalaren ekoizpena abiarazi zuen.
Ibilbide artistikoa
Txaptrax zuzeneko musika proiektu bat baino gehiago da. Diziplina berri bati atea irekitzeko ideia da. Txalapartaren performantzia eta musika elektronikoaren erabilera uztartzen ditu. Organikoaren eta elektronikoaren arteko topaketa da, gure historiari dagokion tekno musika sortzeko. Txalapartaren erritmo-esaldietan oinarritutako euskal teknoa da.
Txalapartako taula bakoitza gailu baten bidez sintetizadore analogiko, bideo eta abarri konektatuta dago. Artistek elkarrekin intentsitate handiko pieza elektroakustiko bat sortzen dute, pixkanaka musika elektroniko batera igoz, eta tekno azido eta trance batera pusatuz. Hainbat influentzia nabaritzen dira haien obran (James Holden, Oneothrix Point Never, Plastikman, Phuture, Drexcya, Nick Skitz…). Txalapartaren jokoak eta tempoak ahalbidetzen dute musika hori.
Azken urteotan txalaparta musika garaikideen lagungarri gisa agertu dela ikusi dugu, eta are haratago joan nahi dugu, txalaparta ikus-entzunezko gailu baten erdian jarriz, non teknika onomatopeia poetiko honen zerbitzuan izanen den.
Proiektu honekin, soinu- eta irudi-mundu bat sortzen dugu, denak pozarekin, transean eta dantzan musika horretan sartu ahal izateko. Txaptraxeko artista guztiak Euskal Herriarekin eta bere kulturarekin lotuak dira, eta denek ondare kultural hori gainditzeko, nahasteko eta partekatzeko gogoa dute. Berlingo Teknoaren estetika hautatu dugu sormen-ambizio horren katalizatzaile gisa, antagonismoekin jostatzeko eta kulturen arteko talka baten sortzeko. Ikuskizunaren eszenografia Alemaniako hiriburuaren gaueko munduarekin lotua da. Plater batean tradizionalki zerbitzatzen zen Turkiako haragi errea Berlin hiriaren erritmoan ogitarteko bilakatu zen bezala, zer bilaka daiteke euskal txalaparta hiriburu horrekin harremanetan jartzean? Galdera hori buruan izanik, Youri Fernandezek argi eszenografia bat irudikatu zuen, gauean dir-dir egiten duten eta hurbil dagoen soto batetik datozen soinu gogor eta errepikakorren gainean dantzatzen duten « Döner Kebap » kartelak bezala.